Birsortzen

KIMUAK AISIALDI ELKARTEAREN BIRSORTZE PROZESUAREN ARIRA PRENTSA OHARRA 

Debora ez da alferrik pasatzen. Urteak aurrera doaz eta gainontzeko gazte eta talde guztiak bezala, gu ere eraldatuz goaz. 

Belaunaldi aldaketa emateko ordua iritsi zaigu Kimuakera, honek dakartzan zailtasun eta lan zerrenda luzearekin. Arduren eskualdatze hau baliatuz, hainbat hausnarketa eman ditugu gure taldearen eta udalekuen inguruan, eta arduradunak aldatzearekin batera, Kimuak bera aldatzea erabaki dugu. 

Ez da izango erroko aldaketa bat. Azken urteotan egindako lanean identifikatutako hutsune eta akatsak konpontzeko aldaketa izango da; udaleku eta ekintza ezberdinetan jaso behar diren balioak birpentsatzeko eta birdefinitzeko momentua; Kimuakeko barne antolaketa aldatzekoa, modu eraginkorrago batean funtzionatzeko.

Ez da ardura makala. Zorionez talde sendo bat dugu Kimuaken birfundazio honi aurre egiteko. Hala ere, egoera berrira ohitzeko denbora behar dugu. Izan ere, prozesu honi urtero antolatzen ditugun udalekuen kudeaketa batu zaio eta lan-karga honi eusteko moldaketa batzuk egin ditugu udalekuetan.

Testuinguru honetan, Kimuaken eraldaketa eta udalekuak modu isolatuan garatu beharrean, kontrakoa egitea iruditu zaigu egokiena: hezitzaileak eta gazteek udalekuak erabiltzea etorkizuneko Kimuak margotzeko.

Ondorioz, lehen aldiz, udaleku bateratu batzuk egitea proposatzen dugu. Adin guztietako gazteak bilduko gaituen udalekua, betiko egiturarekin hautsi eta udalekuak Kimuaken eraldaketa prozesuaren parte izateko. 

Aurtengo udalekuak denok batera hasiko ditugu herri berean. Udaleku finkoen, finko-ibiltarien eta ibiltarien banaketa lausotuko dugu egun batzuez eta bertan gazteekin gure hausnarketa eta kezkak partekatuko ditugu. Honek ez du esan nahi ez diegula betiko ezaugarriei eutsiko! Egun batzuk batera pasatu ondoren, betiko egiturak berreskuratu eta udaleku finko-ibiltariko eta ibiltariko kideak betiko herriz-herriko ibilbideari ekingo diogu.

Badakigu aurtengoak ez direla ohiko udalekuak, baina noiz antolatu ditu Kimuakek udaleku arrunt batzuk? Autogestioaz baliatutako gazte hezitzaileak; borondate hutsez; hezkidetza, euskara, natura, kulturartekotasuna eta elkarbizitzaren balioak mahaigainean jarriz.

Ezohiko udalekuak antolatzen ditugu eta ez gara ezkutatzen honen aurrean. Ezohiko proposamena luzatzen dizuegu, ezohikoa denak iraun dezan.